Zazpi urte pasatxo dira Urduñan gazte asanblada sortu zela, zazpi urte Euskal Herriko beste txoko askotan bezala gure herriko gazteak euren irrikak eta ametsak bete ahal izateko antolatzen hasi zirenetik.

Ofizialki 1998ko udaberrian aurkeztu bazen ere, urtebete lehenago hasi zen honen inguruko eztabaida Urduñako zenbait gazteen artean. Herrian gazteriarentzako alternatiba ezaz arduraturik, gazteok geure kabuz antolatzeko beharraz jabetu eta lanari ekin zioten.

Herriko gazte gehiagorekin batu eta solasean egon ondoren, asanblada eratzea erabaki zuten antolatzeko erarik egokiena zela ikusita. Urduñako gazte guztientzako topaleku izatea ahalbideratzen zuelako, antolakuntza molde ahalik eta horizontalena zelako, gazteon irrikak auzolanean eraikitzeko antolakuntza modu bakarra asanblada zela ikusi zelako…

Hasierak oso itxaropentsuak izan ziren asanbladetan eta beste ekintzetan parte hartzen hasi zirenen artean; dena den, antolatzeko eredu faltak eta ohitura ezak batez ere, garai hartako asanbladak ugari eta jendetsuak baina inolako eraginkortasunik gabe izatea suposatzen zuten. Denbora laburrean gauza gehiegi egin eta aldatu nahi baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko asmatu ezinda.

Denborarekin, ekimen ezberdinak bultzatu ziren, musikaren inguruan kontzertu pilo bat antolatu eta bi maketa lehiaketa antolatu izan ditu Urduñako gazte asanbladak, oso arrakastatsuak gainera. Lehen gazte eguna ospatu zen. Aldarrikapen ezberdinak kaleratu ziren. Otxomaio jaietan txosna jarri zen. Gazteon beharrak asetzeko lokalen inguruan borrokatu eta Aduanan lokal txiki bat lortu zuen gazte asanbladak, musika taldeen entsegu lokalez gain.

1999. urtean kontzertu handi bat egitea erabaki zen, frontoian eginiko kontzertuaren gastuek kolokan jarri zuten gazte asanbladaren jarraipena, izan ere milioi bat pezetako zuloa izan zen gau hartako balantzea. Egoera horretan, gazte asanblada (eta honen zorrak) aurrera eramateko ideia zuten gazte kopurua dexente murriztu zen.

Otxomaio pare baten bueltan, zorrak kitatuak ziren; eta ekintzek aurrera egiten zuten: era guztietako tailerrak, mila eta bat hitzaldi, kontzertuak, boulderra eraikitzen hasi, jaiak, aldarrikapenak, ospakizunak, okupazioa…

2001ko urtarrilaren 1ean tren geltoki inguruan zegoen etxe bat okupatzea erabaki zen, gazteon beharrizanak asetzeko lokal duinen beharrak bultzatuta, hamazazpi egunen buruan, bulldozer batek Gazte Lokala txikitu zuen arte.

Handik aurrera, ekintzekin jarraitu genuen, belaunaldi berriak ezagutu izan ditu asanbladak, lokalen inguruan errebindikazioarekin jarraitu eta merkatu plazako lokala etorri zen Aduana bainuetxe pribatu bihurtzeko lanak hasi zirenean.

Merkatu plazaren abantaila nagusia, plaza bera izan da gazte asanbladarentzat; ekintza ezberdinak antolatzeko espazio ederra suposatzen duelako, berez plaza topaleku ederra delako eta dendariekiko, etxekoandreekiko… herriarekiko elkarrekintzara behartzen duelako. Merkatu plaza konpartitzeko lanak, gazte asanbladaren erreferentzia proiektatzeko aukera ezin hobea suposatu izan du.

Egun, merkatu plaza bota eta bertan etxebizitzak eraikitzeko proiektua aurkeztu dute. Proiektua geldiezina da; Gazte Lokala plazarekin batera botatzeko ideiak, udaletxera lokalen inguruko irtenbide eskean joatera bultzatu gaitu; baina bertan ez digute inolako lokal eskubiderik onartzen, beraz atxikimenduak jasotzeari ekin diogu; denborak esango du gazteok kudeaturiko lokal publikoak izateko eskubiderik dagoen.